XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baleen mintzoa

Mikel Hoyos Sein

(Euskal filologoa)

Betidanik miretsi izan ditut baleak.

Benetan ederra iruditu izan zait beren igeriera mantsoa, lasaia, uhinen gainean kulunkatuz bezala, halako dotorezia batez edertua.

Baina batez ere, gehien erakarri nauena beren bizitzetako alderik ilunena izan da, guretzat arrotzena, ezezagunena zaiguna.

Batik bat beren hizkuntza horrek, marruaren antzeko lengoaia bitxi bezain ulertezin horrek sortu du nigan itsasoetako ugaztun hauenganako miresmena eta zaletasuna (ez ote zuten gauza bera pentsatuko euskaldunak konkistatzera etorri zirenek?).

Mintzaira horretan ezkutaturik dagoen jakinduria hori, guretzat harrapaezina dena, eta agian horregatik, hain desiragarria.

Baina bestetan, auskalo zer arrazoik bultzatuta, urrutiko hondartzaren batean ehundaka balea itsasoaren altzotik ihesian lehorrera beren egunak bukatzera etortzen direla ikusten ditudanean, pena sentitzen dut, pena izugarria.

Eta pena ematen dit gainera, baleen etsairik amorratuenak geu izan garela jakiteak.

Geu izan baikara, euskaldunak, kantauri itsasoko baleekin aski ez, eta Terranobako kostalderaino beren haragi preziatuaren bila joan eta hantxe akabatu ditugunak, ia desagertzeraino.

Eta euskaldunok baleak ehizatzerakoan erakutsitako balentriaz... eta adoreaz... eta horrelako gauzez harro-harro hitzegiten entzuten dudanean, barrua nahasten zait, eta benetan pena handia sentitzen dut.